Digitalizazioa Hezkuntzan

Ordezko irakasle baten gogoetak I

Gaur goizean, lanera nindoala Pedrosa andrea entzun dut eskola publikoaren eraldatzeko estrategia berriari buruz hizketan. Digitalizazioa gora, digitalizazioa behera hori omen da gai garrantzitsuena datozen urteetan. Hori da bidea, berrikuntza eta etorkizuna.
Hori entzun eta gero ikastetxean sartu eta eraldatzeko digitalizazio kasu batzuk topatu ditut, ea zer iruditzen...

1. Kasua

Aste hontan, irakasleak eskatatua 3DBHko ikasleak lan bat prestatzen ari dira. Lan hori burutzeko informazioa "internetetik" atera behar omen dute.

Nola egiten duzue informazioa lortzeko, galdetu diet.
- Googlen[1] jarri, eta agertzen da.
Ondo, eta gero? Zein aukeratzen duzue? Lehenengo agertzen dena?
- Bai.
Agian zuek bezalako ikasle batek idatzia izan daiteke, edo gaiaz ez dakien nor edo nor, edo Adimen artifizial batek idatzitako zeozer...
- Harridura aurpegia.
Ondo ari zarete, baina fijatu mesedez zein den informazioaren iturria. Saia zaitezte fidagarria izan dadin.
- Wikipedia fidagarria da?
Noski, Wikipedia fidagarria da, eta gainera euskaraz duzue. Baina izan beti bi edo hiru iturri badaezpada eta irakurri ea berdina dioten.

2. Kasua

Adimen Artifiziala iturri gisa.
- Endosferan begetala dela jar dezaket?
Uhmm... endosfera "begetala"?, Lurraren nukleoari buruz ari gara, ezta? Uste duzu hor landarerik egon litekeela?
- ..... ez dut uste, baina hemen jartzen du- ordenagailu pantailari begira. (Adimen Artifizial programa bat erabiltzen ari zen informazioa lortzeko.)
Arnasa sakon hartu dut eta esan diot hori ez erabiltzeko ez zela fidagarria eta.
Entzun denok, mesedez, ez erabil Adimen Artifizialik ariketak egiteko. Lehenengo informazioa lortu eta ulertu behar duzue eta!

3. Kasua

Beno, zuk datorren astean berreskurapena duzu, lehenengo bi ebaluaketena, ezta?
- Bai
Ba... atera koadernoak eta liburua eta hasi lanean, ordu hauek aprobetxatu hori aurreratzeko. (Lan egiteko gogo gutxi egoten da azken orduan, hori ere esan beharra dago)
- Ez dago wifirik
Eta?
- Dena Clasroomean dago, eta ezin dut ireki.
Eta ez duzu liburu edo koadernorik?
- Bai, baina ikastekoa clasroomean dago.
Beno, ba WiFia iristen denean, deskargatu behar duzuna zure ordenagailura eta horrela beti izango duzu eskura.
- Deskargatu? Ezin da. Internet gabe ezin dut ikasi.

Gogorra, eh!? Internet gabe ezin ikasi gabiltza!

4. Kasua

Klasera sartu orduko hau idatzi dut arbelean:
"Wifirik ez badago, ireki liburuak"

Idatzi honekin ez diet errua ikasleei ezarri nahi, ez baitie inork erakutsi zer den bilatzaile bat ezta nola gorde dezaketen informazioa ordenagailuan. (Agian ChromeBookak dira, eta ezin dute ezer gorde bertan lineaz kanpo badaude?) Irakasleak ere askotan ez dute konpetentzia digitalik, eta institutuak emandako google kontua erabiltzen da gauza guztietarako gehiegi pentsatu gabe. Irakasleok egin behar ditugun txostenak nola bete jakitearekin nahikoa izaten dugu eta.

Baina... norbaitek pentsatu beharko luke hontan, ez? Zeri deitzein diogu Digitalizazio? Googlen menpe dagoen sistema bat ezagutzeari? Agian Pedrosa andrea, software librean oinarritutako tresna aske eta burujabeetan pentsatzen ari da, euskal herrian eta euskaraz sortutakoa. Eta irakasleentzako trebakuntza programa batzuetan ere, erronka berritzale polita litzateke. ("Basque education digital ecosystem" izena hor duzue, opari!)

Hori pentsatuz joango naiz gaur ohera, bihar ikasleekin izango dut zer ikasi eta.

P.D. Pentsamendu kritikoari buruzko atal hau begiratu eta ahal dudanean ikasleekin lantzeko hemen uzten dut: https://zientzia.eus/pentsamendu-kritikoa/

[1] Ez naiz bilatzaile gehiago daudela erakustearen borrokan sartu nahi izan, baina hor ere aukera badago.

Irudia Steven Weirather ,Pixabay'tik hartuta.