📙 Bloga
2012 inguruan blogetan sarrerak idazten hasi nintzen. Beranduxeago Izaroblog weborria sortu nuen eta hori izan zen nire etxea idazkiak argitaratzeko 2021 arte. Orduan, github plataformara egin nuen salto, sinpletasun eta erosotasun bila. Microsoftek bere egin zuenean aldaketa bila hasi nintzen, eta delCanok "blep.org" aukera hau eskaini zidanean zuzenean pasa nintzen!
😺 Zergatik blog bat "blep.org"-en
Wordpressen nuen bloga, Izaroblog, eta baneraman urte batzuk pentsatzen ea leku egokitik idazten ari nintzen. Zergatik aldaketa, hainbeste jendek erabiltzen badu?
- Barne-aldetik: Wordpress gero eta zailago eta konplikatuagoa egiten zitzaidan kudeatzen. Barne aldaketa asko, aukera piloa, eta idazteko editorea gero eta zailagoa egiten zitzaidan. Agian Markdown testuak idazteko erabiltzera ohitu izanak bere zerikusia zuen, baina denbora gehiago ematen nuen gauzak non jarri, diseinua nolakoa izan zitekeen eta plug-inak antolatzen, idazten baino. Nagikeria ematen zidan guzti horrek.
- Kanpora begira: software librea izanik, wordpressek berak erabiltzaileen jarraipen bat egiten du, "tracker" nahikotxo jartzen ditu irakurleen gain, eta ez nengoen batere gustora egoera horrekin. Idazten nuena edonork, edonon eta edonoiz irakurtzea nuen helburu, baina irakurle horiek ere libre izatea nahi nuen, inolako jarraipenik egin gabe. Eta horren kontrolik ez nuen.
- Energia aldetik ere argi dago gero eta "pisu" gehiago izan, gero eta argazki, bideo gehiago eta konplikatuago izan webgunea, gero eta energia gehiago xahutzen dela. Bazen garaia zerbait egin eta nire aldetik behintzat Interneten energia beharrak txikitzeko esfortzua egiteko.
Webgune sinpleago batera aldaketa egin, eta Markdown bidez idazten hasteko hautua egin dut. Gauzak galduko ditudala badakit, zenbat irakurle ditudan, nondik irakurtzen duten, argazki eta diseinu politak, iruzkinak egiteko aukera, mail bidez harpidetuak abisatzeko aukera... baina uste dut aldaketa beharrezkoa zela.